A+ A A-

Aurtengo Araba Encounter iazkoa baino 10 aldiz bizkorragoa izango da

 

Urriaren 10 eta 12 artean Gasteizen egingo den bigarren Araba Encounter topaketa iazkoa baino 10 aldiz bizkorragoa izango da, 10Gb-eko konexio-abiaduran nabigatu ahal izango baitute parte-hartzaileek Euskaltelen banda zabalari esker. Informatikaren eta teknologia berrien zaleek 6 minututan erreserbatu dituzte topaketa honetako 454 ordenagailu-postuak, iaz baino nabarmen azkarrago, 37 minutu iraun baitzituen izen-emateak. Partaideen kopurua, eguneko sarrerak dituztenak eta prestakuntza-ekintza ezberdinetan izena eman dutenak zenbatuz, 600 pertsonatik gorakoa da.

Araba Encounter topaketa euskal informatika-festen sarearen barne dago Gipuzkoa Encounter eta Euskal Encounter ekimenekin batera. BECen antolatzen den Euskal Encounterrek 23 urte bete ditu aurten, eta 6.000 lagun baino gehiago biltzen ditu urtero.

Iradier Arenan bat egingo duten partaideek ekintza mordoa gauzatu eta ezagutzak partekatu ahal izango dituzte 72 orduz jarraian. Arte digital, bideo-joko, software libre eta hardware arloetan lehiatzeko aukera ere izango dute. Gainera, Iradierren lo egiteko lekua dute, kanpin-dendak ezartzeko egokitutako eremu batean.

Party-a Euskaltel Konektak antolatu eta babesten du, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin.

Publikoari irekia

Araba Encounterren barne, publikoari irekitako zona ere egongo da, Opengunea, eta bertan tailerrak, hitzaldiak eta aurkezpenak egingo dituzte. Azoka-barrutia hirigunean dagoenez, bisitari asko gerturatzea espero dute antolatzaileek; giroaz eta eskainiko diren doako jarduerez gozatzeko.

twitter facebook flickr youtube