Markak hautsiz hasi da Araba Encounter
Araba Encounter 2 markak hautsiz hasi da: iaz baino parte-hartzaile gehiago, interneterako konexio hamar aldiz azkarragoa eta izen-emate epean errekor berria, 6 minutu besterik ez. Hitzordu honen arrakastaz mintzatu dira inaugurazio ekitaldian parte hartu duten erakunde-ordezkariek, eta parte-hartzaileei eskatu diete Arabako eta Euskadiko garapen teknologikoaren abangoardian jar daitezen.
Astelehenera arte, hilak 12, iraungo duen informatika-bilkurak lehiaketa eta jarduera anitz hartuko ditu barne, arlo ezberdinetan: arte digitala, jokoak, software librea eta hardwarea. 600dik gora parte-hartzailek, 450 ordenagailu-posturekin, segundoko 10 Gb-eko konexio-abiaduraz gozatzen ari dira, iaz baino 10 aldiz azkarrago nabigatuz.
Euskadiko bigarren hitzordu handiena, Euskal Encounterren alaba gazteena, Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) eta Gasteizko Udalaren babesarekin.
Teknologia-munduaren ordezkari bezala, topaketako partaideak Arabako eten digitala murrizteko "motor" gisa jardutera gonbidatu ditu Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde Pilar García de Salazarrek.
Arabarren eskura, edozein kokapenetan, interneterako konexio ahalik eta onena jartzearen alde apustu egin du foru ordezkariak, teknologia berriek eskaintzen duten ezagutza eskuragarri izan dezaten.
Bestalde, Iñaki Prusilla Gasteizko Udal Administrazioaren saileko zinegotzi-ordezkariak Araba Encounterreko antolatzaileak zoriondu ditu, eta ekitaldiaren kolaborazio-espiritua eredugarria dela esan du, pertsonen arteko "konexioaren" eta "kohesioaren" garrantzia erakusten baitu.
Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendari Aitor Urzelaik parte-hartzaileei eskatu die euren ezagutzak enpresen eta gizartearen eskura jartzeko. Ildo beretik, dibertitzeaz gain, elkarlanari ere denbora eskaintzeko esan die, enpresa-ekimenei bidea irekitzeko.
Euskaltel Konekta Fundazioko presidente Alberto García Erauzkinek ere "kooperazioa, lana eta aisialdia" bateratzearen alde apustu egin du. Halaber, hurrengo urteetan interneteko abiadura handitzen jarraituko dutela iragarri du, zaletuek "partyei ahalik eta zuku gehien atera" diezaieten, "bai arlo profesionalean eta bai ludikoan".
Doako prestakuntza-eskaintza zabala
Interesa duten hiritarrek Iradier Arenara bertaratzeko aukera dute. Bertan, partyaren giroaz gozatu eta doako prestakuntza-eskaintza zabal batean parte hartzeko aukera daukate, interes orokorreko hitzaldi eta tailer teknikoekin.
Enpresa Digitalak antolatutako ikastaroetan teknologia alorreko gai ugari jorratuko dituzte; besteak beste, ekintzailetasuna, smartphone-ei probetxua ateratzeko gakoak edota web garapena. Bai parte-hartzaileek bai bertaratzen diren bisitariek entitate publiko honek enpresa-egitasmo berriak garatzeko eskaintzen dituen laguntzak kontsultatu ahal izango dituzte.
Prestakuntza-eskaintza osoa orri honetan ikusgai:
https://ae02.arabaencounter.org/eu/jarduerak/hitzaldiak-eta-tailerrak.html