A+ A A-

"Internetek publizitatea aldatu du: orain guztiok daukagu komunikazio kanala gure poltsikoan"

Araba Encoounter 02

Iker Merchán komunikazio eta teknologia berrien arloko aholkulari eta La Salve garagardo enpresaren bazkide fundatzaileak dio publizitate estrategiek sakoneko aldaketa izango dutela etorkizunean; izan ere, gero eta marka eta erakunde gehiagok erabakitzen dute bezeroekin zuzenenean komunikatzea, "bitartekaririk gabe" eta teknologiari esker "guztiok komunikazio kanala poltsikoan" daramagula aprobetxatuz.

Araba Encounterren eskainitako hitzaldian, Merchánek azaldu du publizitatea erabat aldatu dela Internet agertzearekin batera. Markek formula berriak eskura dituztela eta publizitate sistema tradizionalek indarra galdu dutela aipatu du. Adibide moduan jakinarazi du Apple-ek gailu mugikorretan iragarkiak blokeatzeko sistemak onartzen dituela, eta horrek sakelako telefonoetako marketina mehatxatu duela, urtero 70.00 milioi euro mugitzen baititu.

Adituak jakinarazi duenez, iraganean markek bitartekariak behar zituzten gizartera iristeko: komunikabideak. Orain, berriz, bestelakoa da egoera. "Smartphone-ekin, guztiok dugu komunikazio kanala gure poltsikoan; eta, gainera, nire Twitterra ez da New York Times-ekoa baino okerragoa; hedabide berbera da". Merchánek gaineratu du orain edozein erakunde edo enpresak harreman zuzena izan dezakeela bezeroekin. "Eta gure ekitaldia desberdina dela erakuts diezaiekegu", baieztatu du.

"Jendeak iragarkietatik ihes egiten du, traba egiten dietelako", adierazi du. Gaur egungo erronka, bere esanetan, eduki interesgarriak sortzea da, webguneak eta sare sozialak baliatuz. Horrela, "jendearengan gure informaziora iristeko interesa piztu behar dugu". Ekitaldi erakargarri bat sortu, eta horren gaineko albisteak, argazkiak eta bideoak partekatzea gomendatzen du; sareetako jarraitzaileek ikusi eta konpartitu nahi duten materiala sortzea, hain zuzen.

Hainbat enpresa handik mende bat baino gehiago daramate sistema hori aplikatzen; esaterako, Michelinek. Berak zehazten du zeintzuk diren munduko jatetxe onenak, eta horrela, marka "bikaintasunarekin lotzen dute", aipatu du. Egun, berriz, estrategia hori "guztion eskura" dago interneti esker. Besteren artean, Mercedes Benz enpresari erreferentzia egin dio, Joaquín Reyes umoristari markarentzat bakarrizketa bat egitea eskatu baitzion, telebista-saio baten atsedenaldian publizitatea kontratatu ordez. Komunikazio adituaren aburuz, estrategia honetan nagusi da Red Bull, oihartzun handiko ekitaldiak antolatzeko gai baita, marka bera muturreko esperientziekin lotuz.

La Salve garagardo enpresak komunikazio bide horri eutsi diola aditzera eman du Merchánek. Adibidez, pertsona interesgarriei elkarrizketak egitea erabaki dute, Ramón Bareari, besteak beste; topaketak antolatu dituzte eta baita "ezinezko kontzertuak" ere. "Ez dugu iragarkia egin nahi, baizik eta eduki erakargarriak sortu", baieztatu du.

Etorkizunera begira, estrategia horiek orokortu egingo direla uste du; eta gaineratu du gero eta marka eta erakunde gehiagok erabakitzen dutela euren bezeroekin zuzenean hitz egitea, "naturaltasunez, betiere edukia eta balioa eskaintzea xede izanik". 

Etorkizuneko internet

Araba Encounterreko beste hizlari batzuek ere komunikazio joera berriei buruz hitz egin dute. Hainbat kolektibok bizi dute eten digitala murrizteko helburua duten programak aipatu ditu Esti Cáceresek, Sareguneko gizarte-hezitzaileak, baita emakumeek teknologiaren arloan izango duten paperaz hitz egin ere. Halaber, Marta Morenok, irakasle eta abokatuak, eta Julio Usandizagak, enpresari eta Internet Euskadi elkarteko presidenteak, euskal webgune onenak aintzat hartzen dituzten Buber Sarien garapena eta etorkizuna aztertu dute. Usandizagak jakinarazi zuenez, aurten ekimenaren arrakasta lortzeko erabilitako teknikak baloratuko dituzte, eta euskarazko webgunearen alde mugikorraren bitartez bozkatzeko aukera ere izango da.

Opengunean eskainitako beste hitzaldi batean, segurtasun arloan aditua den Alberto Garcíak aholkuak eman ditu smartphone-ak arriskurik gabe erabiltzeko, datuen erabilera maltzurrak ekidinez. Gure terminaletako informazioa zifratzea gomendatu du, baita wifi publiko ireki edo ezezagunetara ez konektatzea ere; eta bereziki kontuz ibiltzeko esan du gailu mugikorretarako aplikazioak deskargatzerakoan. Gure datuek sorrarazten duten interesa azpimarratzeko, nabarmendu du kreditu txartel bati buruzko informazioak 30 euro balio ditzakeela merkatu beltzean, eta kontu korronteetako pasahitzek 1.000 euro baino gehiago.

Laborategi ibiltaria

BQ teknologia-enpresaren Circolab karabana ere Araba Encounterren dago eta doako  tailer eta hitzaldiak eskaintzen ari da fabrikazio digitalaren inguruan: 3Dko inprimagailuak, laser ebakitzaileak eta biniloen inprimagailuak.

Hezkuntza eta teknologia arloetako esperimentazio laborategiak gizartearen sormena bultzatzeko helburua du, baita kultura digitalaren aukerak gizarteratzeko ere, kolaborazio espiritua eta pertsonen inplikazioa oinarri izanik. Proiektu aurrendaria da, eta STEAM hezkuntza-eredua jarraitzen du, diseinua eta hezkuntza-arteak uztartuz, teknologia, ingeniaritza eta matematikak bezalako diziplinekin batera.

twitter facebook flickr youtube