Albisteak

A+ A A-

Araba Encounterreko parte-hartzaileek 795.000 giga datu mugitu dituzte hiru egunotan

Araba Encounter 2 topaketako parte-hartzaileek 795.000 giga datu mugitu dituzte hiru egunotan, bilkuran izandako jarduera handiaren seinale. Gainera, partaideek lehiaketetara aurkeztutako lanen kalitate tekniko altua azpimarratu dute antolatzailek, baita drone-ak nahiz bideojokoak sortzeko tailerren arrakasta ere. Pozik daude, halaber, Opengune zona irekiko hitzaldi eta lantegiek izandako harrerarekin.

Sabino San Vicente antolatzailea oso kontent dago partyaren emaitzarekin, eta proposatutako ekintzetan parte-hartze maila altua izan dela jakinarazi du. Musika, irudiak eta bideojokoen garapena barne hartzen dituen Arte Digital eta Scene arloan aurkeztutako lanek kalitate altua izan dute, eta partaideek gaitasun tekniko azpimarragarria dutela aditzera eman du epaimahaiak. Hardware arloan, berriz, drone-ak sortzeko lantegian parte hartu duten dozenaka gazteek kuadrikopteroa eraikitzen ikasi dute, eta ekintzak lortutako arrakasta dela eta, datorren urtean ere errepikatuko dute.

Aurkeztutako enpresa-ekimenen artean, programazioan "neurona-sarea" darabilen bideojoko-proiektua saritu dute. Horrekin jokalarien jokaera erregistratuz, jokabide berriak aurreikusteko aukera dago. Erabiltzaileak pianoa jotzen duela simulatu behar du, musikako ezagutzarik izan edo ez. Ideiaren sortzailea finantzazio bila dabil proiektua gauzatu ahal izateko.

Arabako bigarren informatika-festaren balantze positiboa dela eta, Sabino San Vicenteren ustez, egungo erronka euskal partien arteko sare-egitura sendotzea da, Araba Encounter, Gipuzkoa Encounter eta Euskal Encounter topaketen lotura indartuz. Edozein kasutan, zaletuen erantzun bikaina ikusita, ekimen honen jarraitasuna bermatua dagoela esan du koordinatzaile nagusiak.

Iradier Arena puntako teknologia-esparru bilakatzeko, 7,6 kilometro kable eta 23 switch (makinak elkarren artean konektatzeko ahalmen handia duten kommutadoreak) behar izan dituzte. Euskaltelek egindako inbertsioari esker, 454 ordenagailuek interneteko sarbide oso azkarra izan dute, iaz baino 10 aldiz bizkorragoa. Gainera, hurrengo urteetan abiadura hori areagotzeko asmoa dute arduradunek.

Prestakuntza-jarduerek interes handia sortu dute

Hitzaldiei dagokienean, parte-hartze maila oso ona izan da. Ekintzaile eta enpresa txikiei zuzenduriko ekintzak aipagarriak dira, enpresa-ekimenak eta harreman profesionalak burutzera bideratuta baitaude.

BQ teknologia-enpresaren Circolab karabanak eskainitako doako tailer eta hitzaldiek ere pertsona mordoa erakarri dute. Fabrikazio digitalari buruzko ekintzak gauzatu dituzte, 3Dko inprimagailuen, laser-ebakitzaileen eta binilo inprimagailuen inguruan. Circolab proiektu aurrendaria da, eta STEAM hezkuntza-eredua jarraitzen du, diseinua eta hezkuntza-arteak uztartuz, teknologia, ingeniaritza eta matematikak bezalako diziplinekin batera.

Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babestu du ekimena, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin.

twitter facebook flickr youtube